‘PARTIDUAK’ atalean argitaratutako berriak
Gizonezko kadete bereziak urrats handia eman du F4ean sartzeko
Aurrez azaldutako moduan, gure kadeteek Euskal Ligatik kanpo geratzeagatik arantza kendu nahi dute. Orain aukera paregabea daukate, Bizkaiko F4 kadetean sar baitaitezke. Gaur, larunbata, jokatu da kanporaketako lehen partidua Durangon Tabirakoren aurka. Norgehiagoka Leioak irabazi du 63-74. Beraz, etxera 11 puntuko errenta dakarte, maiatzaren 7an arratsaldeko 17:00etan kandelazubietan jokatzen den bigarren partidurako.
Kadete askok nekea nabaritu dute partiduan zehar, 6 kadetek juniorrek mailari eusteko ostegunean eta ostiralean jokatutako norgehiagoketan parte hartu baitute. Baina horrelako egoeretan nekea ez da aitzakia eta Tabiri irabazteko gai izan dira. Lehenengo urratsa eman ostean, lana amaitu behar dute gure mutilek hurrengo asteburuan. Baina ez erlaxatu, kanporaketa irekia dago oraindik, eta intentsitate eta gogo handiz jokatu beharko duzue larunbatean. Animo mutilak!
2.mailako gizonezko kadeteak ondo ekin dio maila igoera lortzeko borrokari
Gaur goizeko 9,30etan Deustuko Salesianos eta Leioa neurtu dira Bilbon, lehen mailara igotzeko lehian. Kanporaketa gaur hasi da, baina bihararte ez dugu jakingo 2011-2012 denboraldian lehen mailan zeinek jokatuko duen. Gure mutilek lehen norgehiagoka 7 puntugatik irabazi dute, 46-53ko emaitzarekin. Baina kanporaketa ez da erabakita. Leioak lehen partida irabazi duen arren, bihar, igandea, arratsaldeko 18:00etan Kandelazubietan jokatuko den partidan erabakiko da dena. Horregatik oso garrantzitsua izango da gure jokalariak animatzea eta laguntzea, igoera lor dezaten. Anima zaitez, eta hurbildu Kandelazubietara!
Juniorrek mailari eustea lortu dute
Igorrek juniorrek 11 puntugatik galdu dute gaurkoan Durangon (63-52). Baina helburua lortu dute, lehen partiduan lortutako errentagatik: hurrengo urtean juniorrek maila berezian jokatuko dute. Partida oso zaila izan da gure gazteentzat, tentsio faltak eta hasierako hanka-sartzeek eraginda partidua bide okerretik hasi baita. Momentu batzuetan gure mutilak 20 puntu azpitik joan dira, urduritasuna eta tentsioa nagusituz. Lehen zatia tamalgarria izan da, nagusiki lehen laurdena (24-6). Bigarren laurdenean aldiz, indarrak pixka bat orekatu dira eta Leioak irabazi du laurdena 13-16, atsedenaldira 37-22 emaitza kezkagarriarekin iritsiz. Erasoan izandako arazoak 3.laurdenean mantendu dira, eta arbitraje harrigarriari lotuta (horrela utziko dugu), azken laurdenean 20 puntugatik galtzen sartu gara (55-35). 5 minuturen faltan markagailuan 61-40ko emaitza ikus zitekeen, eta momentu horretan gure mutilek 12-2ko partziala eginez kanporaketa itxi dute. Kontrako sentsazioak bizi izan ditugu gaur Durangon, partidu hasierak norgehiagoka osoan zehar joko erritmoa ez topatzea eragin duelako eta bestetik pozik eta harro, gure mutilek borrokatu egin dutelako. Taldea batu egin da eta elkarrekin oztopoak gainditu dituzte, honek hazten lagunduko die. Beraz, galdutako partida gozoa. Zorionak!
Leioa-Tabirako dueluak gaur hasiko dira
Aurreko berrietan aipa dugun bezala, aste hau oso garrantzitsua da hainbat talderentzat. Gurutzeetan dauden 5 taldeetatik 3k jakingo baitute aste honetan bertan euren helburua lortu duten ala ez. Hau gizonezko juniorraren egoera da, eta eurak izango dira kantxara salto egiten lehenak. Tabirakoren aurkako lehia hasiko dute gaur eta bihar Durangon bigarren eta azken partidua jokatuko dute. Hurbil zaitezte Kandelazubietara gure jokalariak animatzera!









