Igande grisa
Eguraldia ez da batere erosoa izan igandean eta lortutako emaitzak ez dira onak izan. Igande grisa izan da. 2.mailako emakumezko kadeteek ez dute lehenengo postua lortu eta igoera fasea jokatzeko helburua lortu eta 1.mailako gizonezko seniorrek zein juniorrek garaipena lortzeko zorian egon dira. Baina ez gara aurreratuko, igandera heldu arte partidu asko jokatu baitira.
Jardunaldia ondo hasi zen, ostiralera aurreratutako bi partiduetan garaipena lortu baikenuen. 17:30etan maila bereziko emakumezko kadeteek Askartza jaso zuten Kandelazubietan, garaipen argia lortuz (76-34). Gure neskek nagusitasuna erakutsi zuten partida hasi bezain pronto, saskiratze portzentaje altuaz, defentsa eraginkor eta kontraerasoez baliatuz. Ivanen jokalariak oso kontzentraturik irten ziren zelaira intentsitate handiko defentsa burutuz eta euren joko erritmoa inposatuz. Minutuak aurrera joan ahala markagailuan ezberdintasun areagotzen zen, lehen zatiaren amaierara 37-9 helduz. Atsedenalditik bueltan Leioak berdin jarraitu zuen eta gure neskak erraz ari ziren gailentzen. Baina azken laurdena oso ezberdina izan zen. Askartza partiduan sartuta zegoen eta gure nesken lasaitze uneari lotuta, Askartzak saskiratze errazak lortu zituen saski azpian. Beranduago, arratsaldeko 20:20etan 1.mailako emakumezko seniorren partidua hasi zen Sopelan. Norgehiagoka orekatua izan zen eta momentu beroetan gure neskek izandako lasaitasunak garaipena eman zion Juanen taldeari (44-51). Hala ere partiduak bere alde txarra izan zuen, Saioa lesionatu baitzen. Ostegunean erresonantzia egingo diote belaunean eta ezer larririk ez izatea espero dugu (Animo Saio!). Honenbestez, gure neskek liga amaitu dute eta hurrengo asteburuan kopari emango diote hasiera.


Igandean garrantzi eta interes handiko partiduak jokatu ziren gure taldeentzat. 10:30etan 2.mailako emakumezko kadeteek Bidegintzaren aurkako partida jokatu zuten, sailkapeneko lehen postua eta igoera fasean lekua lortzeko helburuarekin. Baina gure neskek ez zuten garaipena lortu. Galdutako partida mingarria izan zen, partida osoan zehar aurretik joan ostean garaipenak ihes egin baitzien. Leioa kondo eman zion hasiera partiduari, defentsa eraginkorrari esker 8-0 aurretik jarri baitziren. Baina gure neskak faltaz arin kargatu eta laurdenaren amaiera 16-10 heldu ziren. Bigarren laurdena orekatuena izan zen 11-10 eta atsedenaldira 7 puntu goitik heldu zen Leioa. Jokatutako 20 minutuen ostean, Leioak 15 falta zituen eta Bidegintzak 8 soilik eta honek partida markatu zuen. 3.laurdenean saskiratze gutxi egon ziren, baina Bidegintzak hurbiltzea lortu zuen, azken laurdenaren hasierara Leioa 3 puntu aurretik helduz. Azken laurdenean gure neskek ez zituzten aldeko egoerak aprobetxatu eta jaurtiketa arinegiak burutu zituzten. Gainera falten ondorioz arin jarri ziren bonusean eta Bidegintzak jaurtiketa libreei esker aurretik jartzea lortu zuen. Azken jokaldia Leioa 2 puntu azpitik zihoan eta 5 segundo zeuden jokatzeke. Bidegintzak defentsa ona egin zuen eta gure jokalariek ez zuten saskiratzea lortu (39-41). Gure neskek igoera faseari agur esan diote lortutako emaitzarekin. 2.aldiz denboraldi honetan, igoera fasean sartzeko aukera eskura izan ostean, ezin izan dute lortu. Baina gogoan izan jokalari guztiak 1.urtekoak direla, oraindik progresio aukera handiak dituen taldea dela. Lanean jarraitu beharko dute Javiren neskek, orduan helduko baitira emaitzak eta joko ona.
Kadeteen partiduaz gain, igande goizean minibasket mailan derbya jokatu zen Txomin Aresti eta Betiko Ikastolaren artean. Euren artean jokatutako azken partiduarekin alderatuta, oso partidu ezberdina ikusi genuen igandean. Txomin Aresti jokalariek saskiratze portzentaje oso altuak izan zituzten eta joko osoa burutu zuten. Betikoko gazteek gogor jokatzen jarraitu zuten atsedenaldian 17 puntugatik galtzen joan arren. Hala ere, markagailuko desberdintasuna handitzen joan zen minutak pasa ahala eta amaierara 64-32ko emaitzarekin heldu zen.
Ordu berean baina Getxon, maila bereziko gizonezko kadeteak Getxoren aurka lehiatu ziren. Sailkapeneko lehen postua zegoen jokoan eta etxean lortutako 9 puntuak mantentzea zuten helburu gure mutilek. Galdutako partida gozoa izan zen, galdu arren averagea mantentzea lortu baitzuten (57-52). Partidua Leioak zituen baja guztiengatik egon zen markatuta, 4 guztira, eta baina saskira begira izandako asmatze maila eskasagatik (ez zuten hiruko bakarra ere sartu partida osoan). Partidua gaizki hasi zen gure taldearentzat, Xabik 3 falta arin egin baitzituen, minutu asko aulkia emanez. Honetaz gain, ez zen Getxok 40 minututan zehar planteatutako 2-3 zonakako defentsa erasotzeko bidea topatzen eta saskiratze errazak oparitzen zituzten. Hau dela eta lehen laurdena 7 puntu azpitik amaitu zen, 17-10. Defentsako hobekuntzari esker, 2.laurdenean markagailuan hurbiltzea eragin zuen atsedenaldian 3 puntu atzetik kokatuz (30-27). Atsedenalditik bueltak gure mutilak oso zentratuta egon ziren eta defentsako presioak eraginda 6 puntu goitik jarri ziren, 34-40. Baina laurden honen amaieran eta azkenaren hasieran Getxok erreakzionatu zuen eta markagailuan aurretik jarri zen. Honetan Mikel faltengatik kanporatua izatea eta Carlosen lesioak eragin zuten, saskira begira guztiz oker ibiltzeaz gain. Partidua oso beltza jarri zen eta sailkapeneko lehen postua mantentzea ere, 5 minuturen faltan Getxo 9 puntugatik irabazten baitzihoan. Azken minutuen Koldoren mutilek izugarrizko lana egin zuten, baloi bakoitza azken balitz bezala borrokatuz eta amore eman gabe. Honela ezberdintasuna 5 puntura jaistea lortu zuten.
Arratsaldean juniorrek ezta Adrianen seniorrek ez zuten garaipena lortu. Maila bereziko juniorrek La Salle paretaren aurka jarri zuten. Oreka izan zen nagusi eta luzapen denbora beharrezkoa izan zen garailea erabakitzeko. Gure mutilak lan miresgarria egiten ari dira azken jardunaldietan baina ez dute emaitzak aldeak izatea lortzen. Partidua 2 puntugatik soilik galdu zuten, 72-70. Orain emaitza hau ahaztu eta jaitsiera ekiditeko fasean jarri behar dute burua Igorren mutilek. 1.mailako Seniorrek jardunaldiari amaiera emateko ardura zuten, baina izan da garaipenarekin izan. 80-70 galdu dute Portugaleten, norgehiagoka osoan zehar borrokan egon badira ere. 6-10 puntuko aldea mantendu dute partida osoan zehar, 4 puntura ere hurbilduz. Baina azken zatian Baiki Portugaletek izandako saskiratze gaitasunak partidua euren alde eraman du.








