1. mailako emakumezko kadeteak urratsez urrats hazteko denboraldia du aurretik (Elkarrizketa)
Gure taldeak ezagutzen jarraitzeko asmoz, gaur Jokin Kamiruaga dugu gurekin. Aurten emakumezko kadete B taldek entrenatuko du, larunbatean eguerdiko 12:00etan lehiaketari hasiera emango diona. Hona hemen Jokinek denboraldi honi buruz egindako hausnarketa.
1) Zelan joan dira prestakuntza asteak?
Abuztuko azken astean lanari ekin genion, eta oporraldi luze baten ondoren jokalariak ikasturte berriari hasiera emateko prest zeuden. Lanean ibili garen bost aste hauetan taldeak pixkanaka aurrera egin du. Iaz Haur kategorian jokatu zuen talde bera izateak, arlo horretan asko lagundu du. Heziketa prozesuan murgilduta gaude, orain arte landutakoa oinarri hartuta, egunero lanari ekinez, hobetuz. Gora-behera handirik ez da egon, entrenamenduetan jokalariak gogor ibili dira, eta denboraldi aurrean jokatutako partiduetan helburuak bete direla esan dezakegu. Oraindik lan handia egiteke dago, baina, eguneroko lanarekin epe luzerako finkatutako helburuak beteko dira, egunerokotasunean jarraitu beharreko bidea jarraituz.
2) Nolako lehen fasea dauka aurretik taldeak?
Aurkarien inguruan informazio askorik ez dugu mometuz. Gure lana egin beharra dugu, eta txapelketak ez digu gure lanaren norabidea zertan aldatu. Oso talde gaztea gara, kadeteetan jokatu arren, talde erdia kadete lehenengo urtekoak dira eta beste erdia infantilak. Aurkariak ez ditugu ezagutzen, beraz, txapelketak markatuko digu lehenengo fasean egin dezakeguna. Eguneroko lanak, partiduak lehiatzera eramango gaitu, eta partiduak jokatzean non gauden ikusiko da.
3) Zuen partiduak ikustera hurbiltzen garenean, zer nolako taldea topatuko dugu? Hau da, zeintzuk dira zure taldea definitzea nahi dituzun ezaugarriak?
Esan bezala, gehienetan aurkari nagusien aurka jokatuko dugu, eta fisikoki nabaritu egingo dugu. Beraz, gure lana defentsan gauzatu beharko dugu, eta printzipioz, joko biziago bat interesatuko zaigu. Baina lehian hastean ikusiko da zer egiteko gai izango garen. Klubeko helburuei uko egin barik, interesatzen zaigun jokoaren bila lanean jarraituko dugu.