Iker Salazarren berriak Burgosetik
Orain dela hile bat baino gehiago izandako koadrizepseko zuntz hausturaren ostean, jada guziz sendatuta dago. 4 aste daramatza taldearekin entrenatzen, eta gutxika lehiaketa erritmoa hartuz, lesio baten ostean zaila izan arren.
Jakin ahal izan dugunagatik, Ikerrek oso denbora libre gutxi izaten du, entrenatzen ez dagoenean ikasten baitago. Leb Oro-ko, zein Eba-ko taldearekin entrenatzen dabil. Eta azken honetan, gero eta minutu gehiago jokatzen ari da, bere gaitasun guztiak erakutsi ahal izateko konfiantza hartuz. Gainera base moduan ari da minutuak pilatzen, bere posizio naturala dena. Maila onean ari da jokatzen, bizi duen egoera berri honetara ahalik eta ongien moldatuz. Ez delako erraza 17 urterekin herriz, institutuz, klubez… aldatzea. Baina ziur gaude Ikerrek primeran egingo duela.
Honekin bat, gogorarazi nahi dizuegu abenduaren 18an Tabirakoren aurka jokatuko duela Durangon. Ez daukagu bertara ez joateko aitzakiarik, beraz bertan ikustea espero dugu, Iker animatzen. Eta amaitzeko, hemen dituzue Ikerren estatistikak eta partiduen egutegia ikusteko esteka: http://competiciones.feb.es/estadisticas/Calendario.aspx?g=3&t=2010
Talde nagusiek neurketa garrantzitsuak
Dirudienez, eguraldiak ez digu asteburu honetan askorik lagunduko ekintza anitz burutzeko. Beraz, saskibaloiarekin gozatu nahi duenak, gure talde desberdinen neurketak ikusteko aukera izango du.
Larunbat goizean neurketa asko jokatuko dira. Txomin Aresti, Betiko eta San Bartolomen adibidez, 5 taldek jolastuko dute eta beste talde federatu batzuk ere goiz honetan dituzte beren eginbeharrak.
Arratsaldean bi talde nagusiek daukate norgehiagoka Kandelazubietan. Mutilak Baiki Portugaleteren aurka (19:00) eta neskak Begoñazpiren aurka (17:00), biak partida oso garrantzitsuak direlarik. Igande arratsaldean Javiren neska kadeteek ihardunaldiari bukaera emango diote.
Beraz badakizue, bero egon eta saskibaloiaz gozatu nahi baldin baduzue, Kandelazubieta polikiroldegitik pasa zaitezte. Ordutegi guztiak ikusteko “Partiduak” menuan klikatu.
Dituzuen argazkiak, egunkari-zatiak… bildu nahi ditugu
Webgune berria martxan jartzen ari garenez, ideia paregabea iruditu zaigu era orotariko materialen bilketa bat egitea: argazkiak, bideoak, egunkarietako berriak… Ekimen honekin gure jokalariak preminiak edota miniak zireneko, edota berrikoek ilea zuten garaiko (ez dadila inor haserretu) argazki bilketa egitea dugu helburu. Denon artean aspaldiko argazkiz beteriko album bat egitea proposatzen dizuegu, baina horretarako denon partaidetza ezinbestekoa da. Argazkiak jasotzen ditugun heinean, webguneko Multimedia/Argazkiak atalean argitaratuko ditugu.
Argazkiak jasotzeko era errazena pendrive edo cd baten bitartez dela uste dugu. Beraz, parte hartu nahi duzuenok, zuen entrenatzaileari eman, eta ahalik eta arinen bueltatuko dizkizuegu bai pendrive-a zein cd-ak

Anima zaitezte, guztion laguntza beharrezkoa da hau aurrera eramateko!
Bilboko XII. Aste Olinpikoa
Bilbao Kirolak erakundeak, EHUrekin batera, Bilboko XII. Aste Olinpikoa antolatu du, eta azaroaren 22tik 26ra bitartean egingo da. Aurten, ekimena saskibaloiaren ingurukoa izango da, eta luxuzko gonbidatuak egongo dira: domina olinpikoa duen Juan Antonio Corbalán, selekzioan aritu den Marina Ferragut, Manuel Coloma hautatzaile ohia, Espainiako Saskibaloi Federazioko presidentea den José Luís Saez, eta NBAn espezializatutako Ramón Trecet kazetaria. Gainera, domina olinpikoa duen Juan Manuel López Iturriaga bilbotarrak inaugurazio-hitzaldia
emango du.
Bilboko Zazpi Kaleetan dagoen Bidebarrietako liburutegia aditu eta zaleen topagunea izango da, azaroaren 22tik (astelehena) 26ra (ostirala) bitartean. Iturriagak emango duen inaugurazio-hitzaldia astelehenean izango da, 20:00etan; aurretik, 18:30ean, Arriaga plazan, bandera olinpikoa jaso eta ereserki olinpikoa joko da. Ostegunean, azaroaren 25ean, Euskadiko saskibaloiari buruzko mahai-ingurua egingo da, Jagoba Tirado eta Ramón Trecet kazetariek moderatuta. Hauek izango dira mahaian: Txingudi Saskibaloi Elkarteko Nieves Alza, Lagun Aro Gipuzkoa Basket taldeko Miguel Santos, Caja Laboral Saski Baskonia taldeko Josean Kerejeta, eta Bizkaia Bilbao Basket taldeko Gorka Arrinda. Gainerako egunetako bakoitzean bina hitzaldi eskainiko dira, 19:00etan eta 20:00etan.
Asteburu honetako neurketak
Ikusten duzuenez, gutxinaka web berria sortzen ari gara. Web hasieraren “Partiduak” menua klikatuz gero, asteburu honetako, zein besteetako neurketen orduak, egunak eta emaitzak ikusi ahal izango dituzue. Neurketak nomenklatura batzuen bidez izendatu ditugu, hauexek dira:
Lehenengo zatia maila da (Pmin=premini; Min=Minibasket; Pinf=preinfantil; Inf=infantil; Cad=Kadete; Jr=junior; Sr=senior) eta bigarren zatia taldea (2=bigarrena; 1=lehenengoa; Esp=berezia) eta emakumezkoa (F), gizonezkoa (M) edo mixtoa (mix) den.
Dirudien baino errazagoa da. Neurketei dagokienez, esan genezake eskola kirolean neurketa berezi bat daukagula gizoneko infantilenetan, Karmelorenek Getxo jasotzen baitute larunbatean, 10.00etan. Neurketa polita eta lasaia izan dadila espero dugu. Federatuei dagokienez, Santiren kadeteek neurketa garrantzitsua daukate igande goizean Jesuitinasen aurka.
Teknifikazioko deialdia (2010/11/21)
Asier Alda, Andoni Irazusta eta Joseba Estalayo kadeteak, Mario Alvarez eta David Peña infantilak, eta Osoitz Martinez eta Andoni Mendez preinfantilak azaroaren 21eko teknifikaziora deitu dituzte. Hona hemen deialdiak:









